Datu interesgarriak

50+ Ekonomia eta demografia

Silver ekonomia zuzenean lotuta dago munduko gaur egungo joera demografikoarekin eta adineko pertsonen bizi-kalitatean ekonomiak dituen eraginekin. Pertsonak luzaroago bizi direnez eta jaiotze-tasa geraldian dagoenez, Europako biztanleria nabarmen ari da zahartzen.

Datozen hamarraldietan, aurrez inoiz ez bezalako kopurura iritsiko da 60 urtetik gorako biztanleen kopurua. Zenbatespenen arabera, 2060. urterako, hiru biztanletik batek 65 urte baino gehiago izango du. Herrialde garatuetan, 60 urtetik gorako pertsonen portzentajea %33 izatera iritsiko da; gaur egun %20 da. 2050erako, munduko biztanleen kopurua hirukoiztu egingo da, 1950eko biztanle kopuruarekin alderatuta. 80 urtetik gorako pertsonen proportzioak ere gora egingo du eta biztanleen %4 izatera iritsiko da.

Gainera, erdira jaitsiko da lanerako adina duten pertsonen proportzioa. Gaur egun, pertsona ez-aktibo bakoitzeko lau langile dago; 2060an, pertsona ez-aktibo bakoitzeko lanerako adinean dagoen bi lagun bakarrik egongo direla aurreikusten da. Beraz, garrantzitsua da gizartean gertatzen ari den aldaketa horretarako sistema jasangarri bat aurkitzea.

Europako hego-mendebaldeko eskualdeetan, are handiagoa izango da 60 urtetik gorako pertsonen proportzioa. 2050ean biztanleriaren %40 izango da 60 urtetik gorakoa. Europako hego-mendebaldeko eskualdeak erretiratutako pertsonen fluxu handia jasotzen ari dira, ingurune horrek eskaintzen duen bizi-kalitateagatik pertsona askok eremu horretan bizitzea erabakitzen duelako.

Silver ekonomiaren segmentuak pisu handia izango du mundu mailako kontsumoan. Gaur egun, kontsumo pribatuaren heren bat hartzen du 60 urtetik gorako pertsonen kontsumoak Europar Batasunean, eta portzentaje horrek hazten jarraituko du aldaketa demografikoaren eraginez. Une honetan, silver ekonomiara bideratutako Europako gastu publikoa BPGren %25 da, eta %4 haziko da 2060rako. Kalkulatzen da Europako 65 urtetik gorako pertsonek 3.000 bilioi €-ko gastu-ahalmena dutela gaur egun.

50+ Ekonomia eta demografia

Gizarte zaharrago baterantz garamatzan aldaketa demografikoak erronka sozial handiak dakartza; zainketa-gastuak hazten ari dira eta, zainketa- eta gizarte-sistemak aldatzen ez badira, ez dugu izango guztiontzako bizimodu egoki eta osasungarri bat bermatzeko baliabide eta jenderik.

Aldi berean, ordea, zahartze osasungarriak aukera ugari eskaintzen du, eta osasun- eta arreta-sistemak aldatzeko prest baldin bagaude, aukera horiei etekina atera ahal izango diegu. Osasuntsu zahartzeak aukera ematen digu:

  • Bidaiatzeko
  • Urte gehiagoz lan egiteko
  • Gauza berriak ikasteko
  • Etxebizitzak prestatzeko, modu independentean bizi ahal izateko

Datozen 30 urteetan, silver ekonomiak garrantzia handia izango du Europar Batasunaren garapenean. Helduek baldintzatuko dute ekonomia, segmentu zabala delako eta hazten ari delako kontsumo-merkatu askotan. Horrela, sektore horren beharretara egokitutako produktu berrien lidergoa hartzeko gai diren eragileak izango dira teknologia eta komunikazioaren iraultza horren buru. Horretarako, batetik, adineko pertsonen osasunarekin eta zahartze aktiboarekin zerikusia duten erantzun egokituak sustatu beharko dituzte eta, bestetik, beren enpresak zilarrezko ekonomiak eskaintzen dituen merkatuko aukerei heltzea sustatu behar dute.

Sektore horren garapena azkartzeko eta bultzatzeko gai diren herrialdeek beren esportazioak handituko dituzte; horretarako gai ez diren herrialdeek, berriz, maila handiko inportazioak egin beharko dituzte sektore horrek beren herrialdeetan eragingo dituen beharrei aurre egiteko.

Partekatu